XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta pena zen, gurinez igortzi eta bizirik iresteko modukoa zegoen eta.

Hori pentsatu zuen bakarra ez zen izan, Bayardo San Román lehen begi kolpean ezagutzen ez zenetarikoa zela konturatzen ere ez azkena.

Abuztuaren hondarrean kolejiora idatzi zidan amak eta ohar ustekabekoan hauxe ziostan: Oso gizon arraroa etorri da.

Hurrengo eskutitzean bide beretik: Gizon arraroari Bayardo San Román deritza, eta jende guztiak dio oso xarmanta dela, baina ni neuk ez dut ikusi.

Zertara etorri zen inork inoiz ez zuen jakin.

Galdegin gabe ezinegonik zen bati, ezkondu baino lehenxeago, erantzun zion: Herriz herri nenbilen ezkontzeko norbaiten bila.

Posible zen egia izatea, baina hori bezala beste edozer erantzun zezakeen, bere hizketa modu bereziaz zerbait azaltzeko baino gordetzeko gehiago baliatzen baitzen.

Ailegatu zen gauean zineman trenetako inginaria zela eman zuen aditzera, eta ibaiaren aldarteei aurrea hartzeko lehorrean barruraino trenbidea eraikitzea oso premiazko gauza zela esanez aritu zen (...).